MUNDUKO XAKE TXAPELKETAKO FINALA.

(2013ko azaroaren 9tik 28ra, Indiako Chennai hirian).

 

 

 

            Carlsenek puntu erdia behar zuen txapeldun izateko. Lehiako hamargarren partida zen eta 6-3 markagailua.
 
            Ez zuen ikusi partida errematatzeko edukitako aukera ona, baina 5 ordutan saiatu zen Anand estutzen, bi erregeak soilik taula gainean geratu ziren arte.
 
            Horrela da Carlsen, irabazteko grina handia duen munduko xake txapeldun berria. Krokodilo eta txiparen arteko izaki hibrido moduan definitu dute. Txipa, ordenadore baten moduan jokatzen duelako, oso zehatza. Krokodiloa, “eguzkipean etzanda, harrapakinei begira, bera erasoko duen inor gabe” aritzen delako, Carlsenen beraren hitzetan.
 
            Bere eta Ananden estiloak aztertu ditu txapeldun berriak: “Anandek konputagailuekin irekierak prestatzen ditu, abantaila hartu nahian. Memoriaz jokatzen ditu lehenengo mugimenduak. Nik ideiak bilatzen ditut, landutako bideetatik ateratzeko, memoriaz prestatutakoa baliagarria izan ez dakien. Irekiera berdindua lortzearekin konformatzen naiz, gero hortik aurrera presioa egiteko”.
 
            Morphy suntsipen sortzailea bazen, Capablanca dotorezia gardena eta Alekhine klasizismo harroa, Carlsen sorgortasun zibernetikoa da.
 
            Magnus Carlsen 1990eko azaroaren 30ean jaio zen. Oraindik ez ditu 23 urte bete. Baerum izan zen bere jaiotza bizi izan zuen Norvegiako herria.
 
            Xakean oso gazterik nabarmentzen hasi zen: Eloko 2.800 puntu gainditu zituen jokalaririk gazteena izan zen, eloko zerrendako lehenengo postura iritsitako jokalaririk gazteena... Orain Gary Kasparoven atzetik munduko xake txapeldunik gazteena.
 
            Bere buruarekiko konfidantza indartu du. Kalkulu zehatzerako gaitasun handia dauka (konputagailua dirudi). Amaieretan, xehetasunik txikienak garrantzi handia hartzen duen momentu horietan, zehaztasun milimetrikoa erakusten du. Horrela, arriskurik hartu gabe, abantaila mikroskopikoak lantzen ditu, posizioari bueltak eta bueltak emateko, aukariaren neuronek huts egiten duten arte. Anandek berak ere amore eman du erraztasun beldurgarri horren aurrean.
 
            Carlsenek milioi bat euro jasoko du; Anandek, 600.000. Elitean egoteak baditu bere abantailak.
 
2013-11-28.
 
Iturria: Internet.